XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horrela deskribatu zuen Juan Inazio Iztueta idazleak Urumea ibaia, damurik, gutxiegi ezagutzen den Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo Historia izeneko liburuan.

Iztuetari dagokio Euskadi Plazaren behalekutik Tolosako Otsaraindik ekarritako errotarri, asko ez dela bortxaz eta borraz bidegabekeria hutsez apurtuaren ondoan, ibaia itsasoari amodioz laztantzen zaion ingurune magiko horren lekukotasuna, Basterretxearen oroitarriaren bitartez.

Badira Donostian egun berezi batzuk ileak lazteko moduan bereziak, paseorako propio eginak diruditenak.

Egun horietan, sarri arratsaldez, ekaitza azaltzen da bidaiari hirian barrena, bere orro eta ilun-argien laguntzarekin.

Kaleak hustuz joaten dira, jende presatiaren mugimendua somatzen da, eta berehala ezer ez, soilik, ekaitzaren usain berezi hori kaleetan, sorgin-haizeak harroturiko hosto erorien zurrunbiloak iragarria.

Moila ingurura inguratzen naiz orduan, zeruaren kolore nahasi aldakorraren bistaratzeak estuasunaren antzeko zerbait pizten dit barruan, eta moila-mingainean aurrera egiten dut.

Han lotuta dauden balandroen mugimenduak artalde gero eta hurbilago baten antzeko azantza metalikoa sortzen du, edozein momentutan ondotik pasako den artalde batena.

Une misteriozko horietan, sarri etorri izan zait gogora denboraren gurpilaren irudia.

Aspaldiko garaiak eta hainbat pertsonaia sekulako itzalien errainuak inguratu zaizkit halakoetan, irakurritako eta aditutako istorioen eskutik.

Gurpilari jira arin bat atzera eragin eta, gu jaio aurretixe, Karmeliten elizaren parean omen zegoen argi poste bakartia datorkit irudimenera.

Gure gurasoek kontatzen zutenez, han bukatzen zen Donostia, eta handik aurrera, etxe berriak egiten hasiak ziren; jende gaztea joaten zen hara bizitzera.

Bonbila xume haizeak jotako hura zen azkena, hura zen mugarri apala Amara Berrira, ibaiari lapurtutako orubearen erresumara, pasa baino lehen.

Gurpilari atzeraxeago eragin eta aitona zena agertzen zait, Arranoaren Etxe bukatu gabearen hezurduran lanean.

Inguruan haur talde bat ikusten dut, jolasean kantari eta Amarako parkean zaldi jauziei erreparatzen.

Gero, korrika aldegiten dute eta ardaila baretzen da, aitonak begiz segitzen die ume haiei, palari eskutik utzi gabe, eta begibistatik aienatzen zaizko berehala.

Bainatzera joango dituk esaten du hortzartean, eta lanari lotzen zaio berriz ere.

Ume haiekin batera bainatuko nintzateke gustora gaur Usandizaga Institutoa dagoen pare horretan zeuden osin zuloetan.

Alegiazko gurpilak atzera eta aurrera erraz egiten baitu, haur haiek ikusten ditut gero, mutil gazte, hamasei hamazazpi urte, 1936ko iraila hartan, errepublikazaleek Loioiako kuartelak hutsik utzi eta, gazte haiek txulomiatzaile ageri dira nire irudimenean patio desolatu haietan, eta bat-batean, Ametzagainatik soldadu hots gero eta hurbilagoak.

Badatoz.

Eta korrika etxera.

Eta turuta hotsak, gozorik gabeko oihuak.

Berehala joan beharko zuten haiek ere, anaia zaharragoa joan zitzaien bide berberetik luzaro, urrutira, eta gozorik gabeko oihu haien mende.

Maiz egoten naiz María Cristina hotelaren paretetan ageri diren koska eta zuloei begira.

Club Náuticóaren ondotik pasatzen naiz eta Aizpurua arkitektoarekin gogoratzen naiz.

Hondarretako tenisetik pasa eta, han ikusten ditut kartzela zaharra izan zenaren arrasto batzuk, oraindik, eta Aitzolekin gogoratzen naiz, Markiegirekin, Lekuonarekin, eta beste hainbatekin.

Zaila ez da anaien arteko gudu hartako oinaze arrastoak nonnahi aurkitzea.

Polloen, Bundinazko zubian... nonnahi.

Ekaitzak ez du urruti euria, eta alegiazko artaldearen ardail hotsa gero eta gogorragoa da, gurpilari ere gogorrago eragin atzera eta Osasunaren Iturrira iritsi naiz.

Artean, hiritik kanpo, aldirietan.

Gustora ibiliko nintzateke, pentsatu dut, Amarako iztingadietan barrena, eta Amara baserriko atari ospetsura ailegaturik avemaria esan, ohituraz besterik ez bada avemaria esan, eta Iztuetak aipatzen duen behiarengatik galdera egingo nioke etxeko jaunari.

Beia ikusi det -dio Iztuetak- Donostiako baserri Amara deitzen zaion etxean, sei pitxarra ta erdi esne ematen ogeita lau orduren barruan.

Inola ahal balitz, Sebastopol ostatuan hartu nahi nuke salda bero bat.

Han ikusiko nukeen 1893an, Jose Tejeria, Aiako Muatz baserriko semea urduri, ezker-eskuin begira, aurrean daukan ardoari trago txikiak jotzen dizkola.

Halako batean, mikeleteak sartu eta preso hartuko dute, eta aitormen odolgiroko bat kenduko diote totelka: aita nola hil zuen Aiako herri txikian.